BABESLE OFIZIALAK
Eusko Jaurlaritza - Gobierno Vasco
Kutxabank, S.A.
Mercedes-Benz Aguinaga
Fútbol Emotion
HORNITZAILE OFIZIALAK
Alzola Basque Water - Balenzategui, S.A.
Kaiku
Frutas Zelaia
Veo Sports Camera
Etiketak: - 

Emakumezkoen Euskal Selekzioak lehen mailako talde teknikoa izango du

  • Paperaren gainean lanpostuak definituta egon arren, talde tekniko osoak lantalde bakar gisa jardungo du, eta lantalde horretan guztiek euren ikuspuntua eskainiko dute erabakiak hartzeko orduan”, azaldu du Mikel De Gregorio Euskal Selekzioko kirol zuzendariak

Bilbon, 2022ko abenduaren 14an.- Emakumezkoen Euskal Selekzioak Txileren kontra abenduaren 20an Mendizorrotzan 19:00etan jokatuko duen partida prestatzen jarraitzen du. Duela egun batzuk partida garrantzitsu horren berri eman zen. Bada, gaur talde tekniko berria aurkezteko txanda da. “Paperaren gainean lanpostuak definituta egon arren, talde tekniko osoak lantalde bakar gisa jardungo du, eta lantalde horretan guztiek euren ikuspuntua eskainiko dute erabakiak hartzeko orduan”, azaldu du Mikel De Gregorio Euskal Selekzioko kirol zuzendariak.

Izan ere, horixe izango da talde berriaren lan egiteko modua. Juanjo Arregi izango da emakumezkoen Euskal Selekzioaren hautatzailea, Ainhoa Tirapuk lagunduko dio bigarren entrenatzaile gisa, eta Sandra Ramajo delegatu gisa arituko da. “Hasiera-hasieratik argi izan genuen jokalariak hautatzeko erabakiak, adibidez, ez zituela soilik entrenatzaileak hartuko. Ainhoak 15 denboraldi egin ditu gorengo mailan eta Sandrak 11. Esperientzia hori funtsezkoa da prozesu honetan. Esan bezala, talde tekniko osoak taldean lan egingo du eta erabaki guztiak adostu egingo dira”, jarraitu du De Gregoriok.

June Mendizabal gorliztarra, jarduera fisikoaren eta kirolaren zientzietan graduatua, izango da Euskal Selekzioaren prestatzaile fisikoa. Lehen Mailan 13 urte eman dituen Getxon jaiotako Andere Leguina izango da atezainen entrenatzailea. Selekzioko medikua Arrate Orueta izango da. 270 partida baino gehiago eta 13 denboraldi egin ditu gorengo mailan.

Itziar Muriel fisioterapeuta oso ezaguna da emakumezkoen futbolean eta denboraldi asko daramatza Athleticen. Olatz Fernandez fisioterapeuta izango du lagun. Azken horrek EFF-FVFrekin zuen harremana joan den denboraldian hasi zen 12 urtetik beherako selekzioekin, eta aurten Alavesen lehen taldeko fisioterapeuta izan da.

“Prestatu den lantaldean, bakoitza hainbat arlotan aditua da, eta elkarren osagarri dira, gaur egungo futbol profesionalak eskatzen dituen alderdi guztiak kontuan hartuz”, gaineratu du De Gregoriok. Era berean, eskerrak eman dizkie talde teknikoko aurreko arduradunei. “Lan bikaina egin zuten. Federaziotik esker oneko hitzak besterik ez ditugu”, amaitu du kirol zuzendariak.

Azkenik, partidarako sarrerak webgune honetan jarri dira salgai: https://eff.grupo-campus.es/euskal-selekzioa-txile-sarreren-salmenta/